Ingurugiro Gaietarako Ikastegia Vitoria-Gasteizko jasangarritasunaren alde lan egiten duen udal erakunde autonomoa da. CEAk gure udalerriaren garapen jasangarria bultzatzen du bere osotasunean, ez udalerria elementu isolatu gisa hartuta, baizik eta bere bioeskualdea osatzen duen Arabako Lautadari lotuta. CEA.
Helbidea: Olarizuko Hiribidea, 34 (Olarizuko Larre-etxea, z/g)
CEAren helburuak
- Hirirako zein lurralde osorako politikarik eraginkorrenak formulatzeko existitzen den informaziorik onena bildu, kudeatu, analizatu eta erabiltzea.
- Udalerriaren (eta bere bioeskualdearen) funtzionamendua analizatzea sistema ekologiko, sozial zein ekonomiko modura, eta ezagutza hori tokiko zein eskualdeko plangintza eraginkorragorako erabiltzea.
- Hirirako eta lurralderako eszenatoki iraunkorragoak proposatzera eta artikulatzera zuzendutako plan eta programak sustatzea.
- Herritarren prestakuntza, informazioa, sentsibilizazioa eta parte-hartzea sustatzea hiri eta lurralde iraunkortasunaren alorrean, inplikaturik dauden eragile sozial eta ekonomiko guztien parte-hartzea segurtatuz.
Lan arloak
CEAk lau area funtzional edo zerbitzu ditu bere zereginak bideratzeko.
- Ingurumen sentsibilizazioa eta hiri iraunkortasunaren kulturaren sustapena
Bere helburua garapen iraunkorrak dakarren paradigma aldaketa ahalbidetuko duen eta hiri iraunkortasunerako kultura sustatuko duen komunikazioa, dibulgazioa eta sentsibilizazioa egitea da. Horretarako, arlo honek ingurumen hezkuntzako programak definitu eta gauzatzen ditu (natura eta bioaniztasuna, energia, hondakinak, ura, mugikortasuna eta beste edozein esparrutan), baita sentsibilizaziokoak ere (erakusketak, komunikazio kanpainak, gertaerak eta ospakizunak, lehiaketak, zinema zikloak, hitzaldiak…), Eraztun Berdean egiten diren natura, aisialdi eta kirol arloko jarduerak eta herritarren parte-hartzerako sortutakoak ere.
- Iraunkortasunerako informazio eta berrikuntza
Hirirako zein lurralderako eszenatoki berrietara zuzenduriko informazioren kudeaketa eta berrrikuntza sustatzen ditu, eta hirien funtzionamendu ekologiko, sozial eta ekonomikoa ikuspuntu holistikotik analizatzen dituzten I+G+b proiektuen garapenerako parte-hartze teknikoan lan egiten du. Arlo honek estrategia berritzaileen sorrera eta dinamizazioa bultzatzen du mugikortasun iraunkorraren, energiaren eta klima aldaketaren aurkako borrokaren alorretan, bai eta hiri metabolismoaren beste esparruetan ere.
- Iraunkortasunaren azterketa, diagnosia eta ebaluazioa
Udalaren Ingurumen Arloaren proiektuak eta lanlerro estrategikoak gauzatzeko beharrezkoak diren diagnosi, ebaluazio eta laguntza azterlanak sustatzen ditu. Horren gain, programatutako proiektu eta lerro estrategikoak gauzatzea laguntzeko balio dezaketen finantziazio bideak eta erakunde markoak ikertzen ditu.
- Agentzia Energetikoa
Udal jardueretan eta udalak herritarrei zerbitzuak ematean energia modu eraginkorrean erabil dadin sustatzen du. Horretarako, klima aldaketaren aurkako borrokan eta energiaren alorrean planifikatutako ekintzak garatzen eta helburuak ezartzen ditu. Lan hori udalaren beste alor, erakunde eta enpresekin elkarlanean egiten du, bai eta alor horretan parte hartzen duten beste sektore batzuekin elkarlanean ere.
La entrada CEAk 20 urte bete ditu garapen jasangarria zaintzen aparece primero en Zabalortu.